Zer esan nahi du...?

  • Aurrekontu-emaitza doitua

    Aurrekontu-emaitza doitua aurrekontuaren likidazio-egoeraren zatia da eta bi hauen arteko aldea da: ekitaldian likidatutako kobratzeko eskubideak eta aldi berean aitortutako ordaintzeko obligazioak. Horrenbestez, Udalaren ekitaldiko superabita edo defizita adierazten duen magnitudea da. Aurrekontu-emaitza doitu egin behar da gastu orokorretarako diruzaintzako soberakinen bitartez finantzatutako obligazioekin eta eragindako finantzaketa-gastuen ondorioz ekitaldian izan diren finantzaketa-desbideratzeekin, horrelakoek aurrekontu-emaitza aldatzen dute eta. Baldin eta ekitaldiko aurrekontu-emaitza doitua negatiboa bada, aztertu eta, hala badagokio, zuzendu beharreko finantza-egoera dugu aurrean, saldo horrek erakusten baitu ekitaldian aitortutako eskubideak ez direla gai aldi horretan sortutako obligazioei aurre egiteko eta ez dela betetzen, horrenbestez, aurrekontu-egonkortasunaren printzipioa.
  • Aurrezki garbia

    Aurrezki garbiaren magnitudea toki-erakundearen egoera finantzarioaren adierazlea da, eta zorpetzearen finantza-kargari epemugan erantzun ahal izango zaion adierazten du. Honela kalkulatzen da: zergei, tasei eta prezio publikoei, transferentzia korronteei eta ondarezko diru-sarrerei dagozkien diru-sarrera likidatuen batura ken langileei, ondasun korronteei eta zerbitzuei zein transferentzia korronteei buruzko gastuak (gastu orokorretarako diruzaintzako soberakinarekin finantzatutako gastuak ez daude jasota). Emaitza horri, gainera, epe luzera hitzartutako maileguei eta ordaindu gabe dauden hirugarrenentzako abalei dagokien amortizazioaren urteko kuota teorikoa kendu behar zaio.
  • Diru-sarreren aurrekontua nola sailkatzen den

    Diru-sarreren aurrekontua honako sailkapen honen arabera sailka daiteke:
    • Sailkapen ekonomikoa, aurrekontuko eskubideen izaera ekonomikoaren araberako informazioa aurkezten duena.
    • Sailkapen organikoa, diru-sarrera nork egiten duen jakinarazten duena. Toki-erakundeek diru-sarrerak duten egituraren arabera sailka ditzakete. Toki-erakundeek eskura duten aukera bat da eta, ondorioz, aukerako sailkapena da.
  • Ekonomia-jardueren gaineko zerga

    EJZ zerga zuzena, erreala eta nahitaezkoa da, eta era guztietako ekonomia-jarduerak egitea kargatzen du, pertsona fisiko batek edo juridiko batek egin. Azkenaurreko ekitaldian gutxienez milioi bat euroko negozio-zifra garbia eskuratu duten enpresek edo erakundeek ordaindu behar dute zerga hori. Zerga horren kudeaketa batera egiten dute udalerriak eta Estatuko Zerga Administrazioak.
  • Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga

    EIOZ udal-tributua da, dagokion ordenantza fiskalean aurretik onartu bada Udalek eska dezaketena. EIOZ ordaindu behar da udalerriaren barruan era guztietako eraikuntza, instalazio edo obra egiteagatik, baldin eta horretarako hirigintzako lizentzia eskuratu edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiko jakinarazpena aurkeztu beharra badago. Udalak egiten du zergaren kudeaketa osoa.
  • Finantzaketa-ahalmena

    Udal baten finantzaketa-ahalmena edo -beharra diru-sarrera ez-finantzarioen eta gastu ez-finantzarioen arteko diferentzia gisa neurtzen da. Emaitza positiboa denean (finantzaketa-ahalmena), horrek esan nahi du erakundeak finantzaketa-ahalmena edo aurrekontu ez-finantzarioko superabita duela. Emaitza negatiboa bada, ordea, erakundeak finantzaketa behar duela adierazten du, hau da, zorpetzera jo behar duela.
  • Gastu-araua

    Gastu-arauak gastu-muga ezartzen du administrazio publikoen aurrekontuetan. Indarreko araudiaren arabera, udalaren aurrekontuaren gastu konputagarriak ezin du gainditu Espainiako ekonomiaren epe ertaineko barne-produktu gordinaren (BPGd) erreferentzia-tasa, eta soberakin hori diru-sarreren igoera iraunkorrekin konpentsatzen bada baino ezin dute gainditu erreferentzia hori.
  • Gastu-aurrekontua nola sailkatzen den

    Aurrekontuko gastuak hiru sailkapen hauen arabera sailkatzen dira:
    • Organikoa: gastua nork egiten duen jakinarazten du.
    • Programen arabera, zertan gastatzen den jakinarazten du, hau da, gastuaren helburua.
    • Ekonomikoa, nola gastatzen den jakinarazten du, gastuaren izaera ekonomikoa, alegia.
  • Gastu-aurrekontuaren programen araberako sailkapena

    Gastu-aurrekontuaren programen araberako sailkapenak kredituekin lortu nahi diren helburuak eta xedea jakinarazten ditu: zertarako gastatzen den.
  • Gastu-aurrekontuaren sailkapen ekonomikoa

    Gastu-aurrekontuaren sailkapen ekonomikoak nola gastatzen den jakinarazten du. Gastu-aurrekontuko kredituak izaera ekonomikoaren arabera antolatzen dira, eta honako kreditu hauek bereizten dira: eragiketa arruntetarako kredituak –zerbitzu publikoen jarduerarako behar diren gastuak adibidez (langileen eta ondasun eta zerbitzuen gastuak)–, kapital-eragiketetarako kredituak (inbertsio errealetako gastuak, esaterako) eta izaera finantzarioko eragiketetarako kredituak (toki-erakundeek jaso dituzten maileguen amortizazioak, adibidez).
  • Gastu-aurrekontuaren sailkapen organikoa

    Gastu-aurrekontuaren sailkapen organikoak gastua udalaren zer unitate organikok kudeatzen duen jakinarazten du, hau da, zer arlo edo zerbitzu den hura gauzatzearen arduraduna. Sailkapen hori aukerakoa da.
  • Gastu orokorretarako diruzaintzako soberakina

    Gastu orokorretarako diruzaintzako soberakina aurrekontuaren likidazio-egoeraren zati bat da, eta eragiketa honetatik ateratzen da: kobratu gabe dauden eskubideen batura (ekitaldi berekoak eta aurrekokoak) gehi diruzaintzako funts likidoak ken ordaintzeko dauden kredituak (ekitaldi berekoak eta aurrekokoak). Magnitude horrek ez du diruzaintzako soberakinik adierazten, aitortutako eskubide guztiak kobratuko balira eta aitortutako obligazio guztiak ordainduko balira (aurrekontukoak zein aurrekontutik kanpokoak) lortuko zatekeen emaitza likidoa baizik, eragindako finantzaketa-desbideratze positibo metatuak kontuan hartuta betiere.
  • Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga

    HLBGZ tributu zuzena da eta lurrek izandako balio-igoera kargatzen du pertsona bat etxebizitza, aparkaleku, trasteleku, lokal, lursail eta abarren jabea izan den bitartean. Etxebizitza, garaje-plaza, trasteleku, denda, etxe eta abarrak saltzen dituenak ordaindu behar du zerga hori, jabea izan den bitartean lurrak izandako balio-igoeragatik. Oinordetzaren edo dohaintzaren kasuan, jabe berriak ordaindu behar du zerga. Udalak egiten du zergaren kudeaketa osoa.
  • Kontribuzio bereziak

    Udalak obra publikoak egiten dituenean edo zerbitzuak ezartzen dituenean eta herritarrek haietatik onurak ateratzea edo ondasunen balioa handitzea lortzen dutenean, kontribuzio bereziak eska daitezke.
  • Ondasun higiezinen gaineko zerga

    OHZ udal-zerga bat da, zuzena, erreala, objektiboa, aldizkakoa eta nahitaezkoa, eta ondasun higiezinen balioa kargatzen du. Ondasun higiezin edo jabetza ororen jabeek, gozamendunek edo emakidadunek ordaindu behar dute zerga hori (etxebizitza, garaje-plaza, trastelekua, denda, etxea, bulegoa, etab.). Zerga horren kudeaketa batera egiten dute udalerriak eta Estatuko Zerga Administrazioak.
  • Ordaintzeko batez besteko epea

    Ordaintzeko batez besteko epea izeneko adierazleak hornitzailearen kargu-ondasunak entregatzen direnetik edo zerbitzuak ematen direnetik eragiketaren ordainketa materiala egiten den unera arte igarotzen den epea neurtzen du. Indarrean den araudiaren arabera epe hori 30 egunekoa izango da gehienez.
  • Tasa eta prezio publikoak

    Udalak herritarrentzat bereziki onuragarriak edo interesgarriak diren jarduerak egiten dituenean, tasa edo prezio publikoak eska ditzake. Tasa bat ere eskatuko du partikular baten alde bide publikoaren aprobetxamendu berezia gertatzen denean. Tasa eskatzen den ohiko jarduerak dira, adibidez, zaborrak biltzea edota hirigintzako lizentzia edo ibia ematea. Jabari publikoari edo Udalak egiten duen zerbitzu edo jarduera bati onura ateratzen dion pertsonak ordaindu behar du tasa. Udalak zehazten du ordenantza fiskalen bidez tasaren zenbatekoa. Tasa baten eta prezio publiko baten arteko aldea hau da: Udalak bakarrik ematen dituen zerbitzuetarako ezartzen da tasa (ibiak, adibidez), eta prezio publikoa, berriz, enpresa pribatu batek ere eman ditzakeen zerbitzuetarako erabiltzen da (kirol-instalazioetarako sarrerak, haur-eskolak, etab., besteak beste).
  • Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga

    Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga (TMIZ) tributu zuzena da, eta bide publikoetan zirkulatzeko gai diren ibilgailuen titularitatea kargatzen du. Alta emanda dauden ibilgailuen jabeek ordaindu behar dute urtero zerga hori. Udalak egiten du zergaren kudeaketa osoa.
  • Udal-aurrekontua

    Udalaren aurrekontua Osoko Bilkurak onartutako dokumentua da, ekitaldian gehienez egingo diren gastuak eta aldi horretan eskuratzea aurreikusitako diru-sarrerak zehazten dituena. Toki-erakunde guztiek urteko aurrekontua nahitaez onartu behar dute aurreko urteko azken hiruhilekoan. Era horretan urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean onartuta eduki behar dute aurrekontua. Nolanahi ere, urtearen hasieran aurrekontua onartu gabe badute, araudiak dio automatikoki luzatzen dela aurreko ekitaldikoa.
  • Zor bizia

    Finantza-erakundeekiko epe luzeko maileguen eta abalen ondorioz udalak ordaindu gabe duen zor osoa da zor bizia, hau da, amortizatu gabe dagoen kapitalaren eta sortutako interesen arteko batura.