Zer da gardentasuna?

Begi aurrean duzu Errenteriako Udalaren gardentasunaren ataria. Atari honekin gauzatzen dugu 2012an Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren harira herritarrei agindu genien konpromisoa. Aldi berean, atari honekin betetzen ditugu gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean ezarritako baldintzak.

Plan Estrategikoa herritar, gizarte-eragile eta politikarien lankidetzarekin egin zen eta 6. erronka zen konektatutako hiria, irekia eta kanpoko proiekzioaren protagonista izatea. Hartara, gardentasunaren ataria, Open Data plataforma baterako abiapuntu izateaz gain, aipatutako erronka betetzeko asmo irmoaren isla ere da.

Open Datak (datu irekiak) esan nahi du hainbat datu publiko mugaketarik gabe eta formatu berrerabilgarrietan ematea. Horri esker, herritarrei datuetarako sarbidea emateaz gain, eduki edo aplikazio berriak sortzeko erabil daitezke datuok, beste hainbat erabileraren artean. Eskubide baten irudikapen erreala da: Administrazioak sortzen dituen datu publiko guztiak eskuragarri izatea, informazioa ireki, demokratizatu eta guztion datuak erabilita hobekuntzak egin eta aukera berriak eskaintzeko abagunea. Gardentasunaren atariaren helburua da tresna erabilgarri eta modernoa izatea etorkizun hurbilean datu irekien estrategia orokor bat burutu ahal izateko hainbat fasetan Errenterian.

Plan Estrategikoa 2025 lanerako erreferentzia izateaz gain, gogoratu behar dugu gobernu-taldeak Legegintzaldi Planean hartutako konpromisoa ere badela.

Horrela, eta aipatutako betebehar politiko eta legalak betez, Gardentasunerako sistema eraginkor hau garatzen eta elikatzen jarraituko dugu Udaletik ateratzen den dokumentazioarekin, informazio guztira eskura izan dezazun.

Tresna honi esker, informazioa bilatu ahal izango duzu bilatzailetik abiatuta edo zuzenean 8 ataletakoren batean sartuta. Beste edozein kontsulta edo dokumentu behar baduzu eta ez baduzu aurkitzen, hemen egin dezakezu kontsulta zuzenean.

KONTAKTUA
Atari honetan aurkituko duzun eduki kopurua handia denez, azkar eta modu errazean aurkitzeko zortzi kategoria hauetan banatu dugu.